Arkitektoak

Luis Laorga (1919-1990)
Luis Laorga 1919an jaio zen Madrilen, eta XX. mende erdialdean haren diziplinari berrikuntza-bultzada eman zion arkitekto azpimarragarria da. Proiektu askotan Francisco Javier Sáenz de Oiza ospetsuarekin bat egin zuen lan. Horien artean nabarmendu beharrekoak dira Arantzazuko Basilika eta Madrilgo Mesedetako Andre Mariaren Basilika Hispanoamerikarra. Bai Laorga eta baita Sáenz de Oiza ere 50. hamarkadan sormen arkitektonikoko abangoardiaren buru izan zen Madrilgo Arkitektura Eskolako ordezkari nagusiak izan ziren.
Francisco Javier Sáenz de Oiza (1918-2000)
Francisco Javier Sáenz de Oiza 1918ko urriaren 12an jaio zen Casedan (Nafarroa) eta XX. mende erdialdeko arkitektura espainarraren ordezkari esanguratsuenetarikoa da. Madrilgo Arkitektura Eskolan lizentziatu zen 1946an, eta bertan espediente akademiko onenaren saria irabazi. Arte Ederretako Akademiak beka eman zion haren ikasketak Estatu Batuetan jarraitzeko. Itzuli zenean Madrilgo Arkitektura eskolan Osasungarritasuneko eta Higieneko irakasle izan zen, eta geroago Proiektuak irakasgaiakoa. 1968an irakasgai horretako katedra lortu zuen, eta eskolako zuzendaria izan zen 1981 eta 1983 bitartean.
Irakaskuntza- eta arkitektura-lana batera egin zituen. Arkitekto bezala izandako ibilbideak gerraosteko historizismoa gainditu zuen eta arrazionalismorantz eta organizismorantz egin. Bere obren artean nabarmendu beharrekoak dira Arantzazuko Basilika, Madrilgo Dorre Zuriak, Bilbao Bankuko Dorrea eta Juan Carlos I.a azoka-barrutiko pabilioaiak eta Altzuzako Oteiza Museoa Nafarroan. 1989an Espainiako Arkitektuen Kontseilu Goreneko Urrezko Domina eman zioten eta 1993an Arteetako Asturiasko Printzea Saria.
Eskultorea

Jorge Oteiza (1908-2003)
Jorge Oteiza Orion jaio zen 1908ko urriaren 21ean. Eskultore-, poeta-, filosofo- eta arkitekto-lanak eginik, XX. mendeko artista garrantzitsuenetarikoa izan zen, eta mugarria 50. hamarkadako abangoardiarako. 1988an Arteetako Asturiasko Printzea Saria jaso zuen, eta 1998an Arte Ederretako Zirkuluaren Domina.
1927an Madrilera joan zen arkitekturako ikasketak egitera, baina azkenean medikuntzako karreran eman zuen izena. Hiru urte geroago medikuntza bertan behera utzi zuen Arte eta Ofizio Eskolan sartzeko. 1935ean Hego Amerikara iritsi zen, non urte luzeak eskaini zizkion kreazio artistikoari nahiz irakaskuntzari. 50. hamarkadan sorterrira itzuli zen, eta sendo borrokatu zen euskal mugimendu artistikoa biziberritzeko asmoz. Horretarako Equipo 57, Gaur, Emen, Danok eta Orain bezalako abangoardiako taldeen sortzaile izan zen. Garai hartan enkargatu zioten Arantzazuko Basilikako aurrealdea dekoratzeko eskultura.
Bere obrak eboluzioa izan zuen forma espresionistetatik hutsaren gaineko gogoeta bihurtzeraino. Hutsunea izan zen orduz geroztik protagonista haren artelanetan. “Giza espirituaren hutsune existentziala” adierazteko baliatu zuen artea. 60. hamarkadan eskultura alde batera utzi zuen, eta kezka artistikoak poesiaren, arkitekturaren eta filosofiaren bidez landu zituen. Quosque tandem...! Ensayo de interpretación estética del alma vasca, bere idatzi teorikoetan azpimarragarriena, garai hartakoa da.
Monumentu megalitikoen espiritualtasuna, batez ere Euskal Herrikoena, eta abangoardiako mugimenduen berrikuntzak uztartzen asmatu zuen. Pedagogiaren mailan egin zuen lana eta estetikaren eta artearen teorian egindako ekarria ezinbestekoa izan zen etorkizuneko eskultore-belaunaldiak formatzeko.
Ateak

Eduardo Chillida (1924-2002)
Eduardo Chillida Donostian jaio zen 1924ko urtarrilaren 24an. XX. mendeko eskultorerik garrantzitsuenetakoa da. 50. hamarkadan nazioarteko mailako sona lortu zuenetik haren obra Europako eta Estatu Batuetako museo eta kolekzio ospetsuenetan izan da ikusgai, eta 40 eskulturatik gora ditu munduan barreneko hirietako kaleetan. 1987. urtean Arteetako Asturiasko Printzea Saria eman zioten.
1943an Madrilen hasi zuen arkitekturako karrera. Lau urte geroago fakultatea uztea erabaki zuen denbora osoan marrazten eta eskulturan aritzeko. 1948an, frankismo garaiko Espainian zegoen giro artistikoa ez zen beste bat ezagutzeko nahian, Parisera joan zen, eta han ezagutu zituen Picasso edota Brancusi bezalako artista sonatuak. Garai horretan egin zituen eskulturak tradizio figuratiboak markatu zituen oraindik. 1951n, Euskal Herrira itzuli zenean, Manuel Illarramendiren sutegian hasi zen lanean. Eskultorearen ibilbide artistikoan mugarria izan zen obra egin zuen bertan, Ilarik. Horixe izan zen bere lehen eskultura abstraktua.
Berrogeita hamarretik gora urte eman zituen Chillidak hutsa eta bolumena, argia eta itzala eta muga eta infinituaren izaera bezalako kontzeptuak aztertzen. Bere lanak egiteko erabili zuen materiala (burdina, harria, altzairua, hormigoia eta abar) ez zen harentzat helburua izan. Berdin-berdin, baliatu zituen formak ere ez ziren jomuga. Materiaz eta formaz haratago, egindako artelanen bidez existentziaren ikusmolde etikoa, mistikoa eta transzedentala adierazi nahi izan zuen.
Beirateak eta Adiskidetzearen kapera

Javier Álvarez de Eulate (1919)
Javier Álvarez de Eulate Donostian jaio zen 1919ko apirilaren 26an. Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademian ikasi zuen bi urtez. Handik heldu zen Arantzazura. Basilika berriko lanekin harremanetan hasi zen orduan.
Haren obran eragin gehien izan zuten artistak Jesús Vasiano, Gerra Zibil garaian harekin izan zen Iruñean, Ignacio Zuloaga eta Valentín de Zubiaurre izan ziren. Baina Eulatek arteaz zuen ikuspegian eta artea gauzatzeko moduan eragin handiena Jorge Oteizarengandik etorri zitzaion.
Bere artelanak figurazioari nahiz abstrakzioari lotu zitzaizkion. Tamaina txikiko obrak egin zituen, hark “erauntsiaren ondorenak”, “diagonalak” eta “agerraldirako guneak” deitu zituenak; baita eraikin erlijiosoetako absideak dekoratzeko mural handiak ere. Azpimarragarriak dira Donostiako San Ignacio Elizarako eta Oñatiko benediktarrentzat egindako erretaulak eta Bergarako Magdalena ermitarako sortutakoa.
Eulateren obra koloretsuak naturaz gaindi dagoenaren beharra erakusten du, eta ukitu daitekeen mistizismoa islatzen: “Ikuslea goi mailako errealitatera eraman nahi dut, ikusgai denetik ikusezinera, baina erreala denera”.
Erretaula

Lucio Muñoz (1929-1998)
Lucio Muñoz 1929ko abenduaren 27an jaio zen Madrilen. Madrilgo errealismoaren ordezkari honek San Fernandoko Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen. Frantziako gobernuak beka eman zion, eta 1956an Parisera joan zen bizitzara. Bertan “Art Autre” izeneko mugimendua ezagutu zuen, eta horrek abstrakzioagatiko interesa piztu zion. Hala, errealismotik informalismora egin zuen. Mihisea egurragatik, erretako paperengatik eta hondakin-materialengatik aldatu zuen. 1962an Arantzazuko Basilikako absidea dekoratzeko murala egin zuen, eta geroago, 1968 inguruan, hasi zen haren etapa errealistena. 80. hamarkadan egurra erabiltzen hasi zen berriz ere bere lanetan. Hark sortutako mural esanguratsuenen artean, Arantzazuko erretaulaz gain, Madrilgo Barajasko aireporturako eta Indubán eraikinerako eta Burgosko Cordón Etxeko sabairako egindakoak aipatu behar dira.
Kamarina

Xabier Egaña (1943)
Xabier Egaña Areetan jaio zen 1943ko uztailaren 22an. Hamazazpi urte zituela frantziskotar egin zen Zarautzen. Hantxe hasi zuen harremana Javier Álvarez de Eulate Arantzazuko Basilikako beirateen egilearekin. Eulate bera izan zen arte-munduan sartzeko bultzada eman ziona.
Bere margoek kubismoaren eragina dute figuren eskematizazioari erreparatuz gero, eta espresionismotik hartu ditu kolore biziak eta dirdiratsuak. Jorge Oteizak Basilikako fatxadako Apostoluak egiten Arantzazun eman zuen bigarren aldian, 1968an, haren tailerrean jardun zen lanean. Bere obra garrantzitsuenen artean Arantzazuko Santutegiko Ama Birjinaren kamarineko muralak eta Zarauzko San Pelaio parrokiako absidea eta Salbatore Mitxelenaren omenezko horma aipatu behar dira. Alemanian eta Puerto Ricon erakusketak egin ditu.
Kripta

Nestor Basterretxea (1924-2014)
Nestor Basterretxea Bermeon jaio zen 1924ko maiatzaren 6an. 1936an familiarekin erbesteratu zen Frantziara, eta II. Mundu Gerra hasi zenean Buenos Airesera joan ziren. Han ekin zion ibilbide artistikoari publizitaterako egindako marrazkiarekin. 1952an Euskal Herrira itzuli zen, eta Arantzazuko Basilikako kriptako muralak egitea eskatu zioten. Urte beteko lanaren ostean, Santutegiko dekorazioa debekatu zuen agindua iritsi zen, eta Basterretxeak ezin izan zituen muralak 1984ra arte amaitu. Bi talde artistiko esanguratsuren sortzaileetako bat izan zen: 1957an Jorge Oteizarekin eta Agustín Ibarrolarekin, besteak beste, Equipo 57 izenekoa osatu zuen, eta 1966an Gaur Taldea Oteiza berarekin eta Eduardo Chillidarekin, esaterako.
1958an pintura alde batera utzi zuen, eta orduz geroztik eskulturan jardun izan da. Halere, zeramika eta tapizeria landu ditu, eta fotografian eta zineman ere aritu da. Hasierako urteetan egindako artelanak konstruktibismoari lotu zitzaizkion, baina espresionismo abstrakturantz egin zuten mitologiako eta Euskal Herriko herri-sinesmeneko erreferentziaz jantzi zituenean. Bere obra garrantzitsuenen artean nabarmendu behar dira Eusko Legebiltzarreko hemizikloan dagoen zapi adarreko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa eta Renoko Euskal Artzainari eskainitako Monumentua. Euskal izaerari buruz Ameriketako Estatu Batuetan jarritako lehen eskultura izan zen azken hori.